• Gaurtik bertatik eta martxoaren 15era arte, Kultur Leioak “Yhabril, 10 Años de Luz, Montaña y Acción” argazki erakusketa hartuko du; mendian, naturan eta abentura kiroletan egindako hamar urteko lan, pasio eta dedikazioaren ibilbidea jasotzen duena.
• Otsailaren 25ean eta 26an, Mendi Tour 2026ren baitan, Mendi Film Festivaleko film labur eta dokumental onenak proiektatuko dira.
• Otsailaren 24an, eta martxoaren 2an, 3an eta 4an, dokumental proiekzioez gain, hitzaldi-solasaldiak izango dira.
• Martxoaren 5ean “XIV Climbing Girl Party” ospatuko da.
Otsailaren 13tik martxoaren 5era, Leioa mendizaletasunaren munduan murgilduko da Leioako Mendi Astea eta Mendi Tourren edizio berriekin; proiekzioak, hitzaldiak, solasaldiak, kirol ekitaldiak eta erakusketak biltzen dituen egitarau zabalarekin.
Ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkatea, Estibaliz Bilbao Kultura zinegotzia, Leioa Mendi Taldeko ordezkariak —Santiago de Diego eta Ivan Llantada— eta Mendi Tour Film Festivaleko zuzendaria, Jabi Baraiazarra. Aurkezpen honek Leioako Mendi Astearen baitan kokatzen den “Yhabril, 10 Años de Luz, Montaña y Acción”argazki erakusketaren hasiera ekarri du. Erakusketak mendian, naturan eta abentura kiroletan egindako hamar urteko lan, pasio eta dedikazioaren ibilbidea erakusten du. Egileak berak, Yhabril Morok, gidatu du bisita.
Leioako alkateak azpimarratu duenez, “aste hauetan Leioa naturaz, kirolaz eta inspiratzen duten istorioez gozatzen dutenen topagune bihurtzen da, eta aldi berean, mendiaren balioak sustatu eta zabaltzen dituen kalitatezko kultur erreferentea ere bada”.
EGITARAUA OSOA
MENDI TOUR, nazioarteko Mendi Film jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria, 2026ko filmekin iritsiko da Leioara. Otsailaren 25ean eta 26an, asteazkena eta osteguna, mendiko zinema onena aurkeztuko da Kultur Leioako Auditorioan.
Eskalada, espeleologia, bizikleta bidaiak, artea eta ilustrazioa, alpinismoa eta parapentea bezalako jarduerak jorratzen dituzten 7 film programatu dira, joan den abenduan ospatutako BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak edo nabarmenduak izan direnak. Horietatik lau Uribe-Kostako zinemagileen lanak dira: Getxoko Jon Herranz eta Alfonso García “Txontxo”; Sopolako Jon Mendizabal; eta Urdulizko Iñigo Lamana.
Antolatzaileen esanetan, “aurtengo Mendi Tourren edizioa Leioan eskualdeko mendiko ikus-entzunezko ekoizpen aberatsaren adibide da, Mendi Film jaialdiaren babespean”.
• Otsailaren 25ean, asteazkena, 19:00etan, honako filmak proiektatuko dira: “Izarren zaunka” (Nagore Eceiza) – Euskarazko Film Onenaren EITB saria; “K2 mon amour” (Mathieu Rivoire) – Alpinismoko Film Onena; “Old Man Lightning” (Dawn Kish) – Eskaladako Film Onena.
• Otsailaren 26an, osteguna, ordu eta leku berean, honako hauek izango dira ikusgai: “Aldabide” (Jon Mendizabal Roa), “Un día al año” (Alfonso García), “The Road We Never Rode” (Iñigo Lamana), eta “Harri, orri, arkatz” (Jon Herranz).
Proiekzioak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, gaztelaniazko eta euskarazko azpidatziekin. Film labur eta dokumentalen iraupena 12 eta 60 minutu artekoa izango da. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da eguneko, edo 5 eurokoa bi saioetarako bonoa. Sarrerak Kultur Leioako Auditoriumeko leihatilan, www.kulturleioa.com webgunean, www.kutxabank.es atarian eta kutxazainetan eskuratu ahal izango dira.
LEIOAKO MENDI ASTEA
Hitzaldi, topaketa eta doako jarduerak ere izango dira, guztiak 19:00etan hasita, Kultur Leioako eta Sakonetako kiroldegiko espazio desberdinetan.
• Otsailaren 24an, asteartea, Ipar Martxari (Nordic Walking) buruzko hitzaldi-jarduera izango da.
• Martxoaren 2an, astelehena, Aritz Aparicio “Aricio”k “Paredes que inspiran. 30 años de escaladas, aperturas e incógnitas” izeneko hitzaldi-solasaldia eskainiko du; mundu osoan eskalada bideak ekipatzen eta irekitzen nola hasi zen kontatuz.
• Martxoaren 3an, asteartea, “Lur Urribarren, Himalaiako mendi magikoak. Ama Dablam – Baruntse” dokumentala proiektatuko da, ondoren Lur Urribarren mendi gidariaren solasaldiarekin; bi mendi magiko horien igoeraren xehetasunak azaldu eta gaur egungo himalayismoari buruz hausnartuko du.
• Martxoaren 4an, asteazkena, 19:00etan Kultur Leioako Auditorioan, “Patxi Usobiaga. El camino del escalador: Inspiración y crecimiento personal” proiektatuko da. Ondoren, Patxik bere ibilbidea partekatuko du, hasieratik munduko txapeldun izatera eta lehen igoera historikoak egitera arte.
• Martxoaren 5ean, osteguna, XIV. Climbing Girl Party ospatuko da Sakonetako kiroldegian. Helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea da jarduera fisikoan eta mendiko kiroletan. Jarduera guztiz doakoa izango da, eta izen-ematea ekitaldiaren egunean bertan egingo da.
Gainera, otsailaren 13tik martxoaren 15era, Kultur Leioako erakusketa aretoan “Yhabril, 10 Años de Luz, Montaña y Acción” argazki erakusketa egongo da ikusgai.

