Hasieran aurreikusitako aurrekontu-partida 200.000 eurokoa bazen ere, Udalak 300.000 euro bideratuko ditu azkenean hautatutako hiru proiektuak gauzatzeko.

Leioako haurrek eta nerabeek kirolaren eta naturaren aldeko apustua egin dute. Ondizen kirolgune bat sortzea, pump track bat eraikitzea eta udalerrian zuhaitz-landaketak handitzea izan dira Haurren Aurrekontu Irekien (HAI-PAI) edizio berri honetan boto gehien jaso dituzten proposamenak.
Guztira, 5 eta 15 urte bitarteko 521 haur eta nerabek parte hartu dute bozketa-fasean, udalerria hobetzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten ekimenak aukeratzeko. Emaitzak gaur goizean jakinarazi dizkiete Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak eta Partaidetzako zinegotzi Julen Capetillok Leioako Haurren Kontseiluari, ekimen honen sustatzaile eta udalerriko haur-partaidetzaren erreferente den organoari.
Babes handiena jaso duen proposamena Ondizen kirolgune bat sortzea izan da —futbito-zelaia eta saskibaloi-saskiekin—, 386 botorekin. Ondoren, pump track baten eraikuntza izan da bozkatuena, 299 botorekin, eta hirugarren postuan udalerriko zuhaitz-landaketak handitzeko proposamena geratu da, 242 botorekin.
Hiru ekimen horiek guztira 300.000 euroko inbertsioa eskatzen dute. Edizio honetarako hasieran aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa 200.000 eurokoa bazen ere, Udalak partida 100.000 euro handitzea erabaki du, boto gehien jaso dituzten hiru proposamenak gauzatu ahal izateko.
Gaur goizean Haurren Kontseiluarekin egindako bileran, alkateak azpimarratu duenez, «haurrei entzuteak eta parte hartzeko benetako espazioak eskaintzeak oso emaitza positiboak ditu udalerriarentzat. Hautatutako proposamenek gure haur eta nerabeen lehentasunak islatzen dituzte, eta uste dugu erakutsi duten konpromisoak erantzun egokia merezi duela. Horregatik erabaki dugu aurreikusitako inbertsioa handitzea eta boto gehien jaso dituzten hiru proiektuak gauzatzea».
Programaren edizio hau 203 haur eta gaztek egindako ia 500 proposamen jasotzearekin hasi zen. Aurkeztutako ekimen guztiak teknikoki eta ekonomikoki aztertu ondoren, sei proposamen iritsi ziren azken bozketa-fasera, eta horrek berriro ere agerian utzi du Leioako haurrek eta nerabeek beren udalerria hobetzeko duten konpromisoa.
Erregistratutako parte-hartzeak erakusten du haurrek eta nerabeek beren ingurunean eragina duten erabakietan aktiboki parte hartzeko duten interesa, eta udalerri atseginago, jasangarriago eta haien beharretara egokituago bat eraikitzen laguntzeko borondatea.
Haurren Aurrekontu Irekiak Udalak haur eta nerabeen benetako parte-hartzea sustatzeko egiten duen apustuaren barruan kokatzen dira, eguneroko bizitzan eragina duten proiektuak proposatu, eztabaidatu eta erabakitzeko espazioak eskainiz.
Hautatutako proposamenak udal-plangintzan txertatuko dira, ondoren gauzatu ahal izateko.
Gaur goizean Ondiz Dorrean egindako topaketak, gainera, Leioako Haurren Kontseiluaren ikasturte amaierako ekitaldi gisa ere balio izan du, haur eta nerabeek Leioa hobetzeko egindako hausnarketa, lan eta proposamenez beteriko urteari amaiera emanez.

