SD Leioaren eta Athletic Cluben arteko denboraldi-aurreko neurketa hau Sarrienako José Ignacio Azkueta zelaian jokatuko da, talde zuri-gorriaren eta Lamiakoko auzoaren arteko lotura historikoa omentzeko jarduera ugari izango dituen jai-egun baten barruan.

Datorren larunbatean, uztailaren 18an, Leioak bere 500. urteurrena dela-eta antolatutako programazioaren hitzordu garrantzitsuenetako bat biziko du. SD Leioak eta Athletic Clubek lagunarteko partida jokatuko dute 19:30ean Sarrienako Jose Ignacio Azkueta zelaian, Leioako Udalak bultzatutako jardunaldi berezi batean, udalerria eta erakunde zuri-gorria lotzen dituen historia, identitatea eta harremanak balioan jartzeko.
Topaketa Athletic Clubari eskainitako jaialdiko ekitaldi nagusia izango da, eta klubaren eta Lamiakoko auzoaren arteko harreman historikoa gogoratzeko balioko du; izan ere, auzo hori Bizkaiko futbolaren jatorriarekin eta Bilboko taldearen lehen urratsekin lotura estua du. Herritar guztiei zuzendutako hainbat jardueren bidez, Leioak bere memoria kolektiboaren pasarte funtsezkoenak ekarriko ditu gogora, baita euskal kirolaren historiari egindako ekarpenak ere.
Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak nabarmendu duenez, “partida hau aukera paregabea da gure historiaren atal garrantzitsu bat balioan jartzeko. Lamiakoren eta Athleticen arteko lotura Leioaren nortasunaren parte da eta herritar guztiekin partekatu nahi dugu gure 500. urteurrena bezalako ospakizun berezi baten baitan”.
Alkateak gaineratu duenez, “ez da kirol-ekitaldi hutsa izango; gure sustraiak aitortu eta etorkizunera begira jartzeko eguna ere izango da, komunitate gisa partekatzen ditugun kidetasun-sentimendutik eta memoria kolektibotik abiatuta”.
Ospakizuna Sarrienako udal zelaietan amaituko da kirolaz haratago doan topaketa batekin. Kirol zaleak, familiak eta adin guztietako auzotarrak bilduko dituen hitzordu honetan, euren herriari, euren jendeari eta futbolaren tradizioari sakon errotuta dauden bi klub arituko dira nor baino nor.
Herritarren erantzuna ezin hobea izatea espero da, Leioako 500. urteurreneko programazioaren momentu gogoangarri eta hunkigarrienetako bat.
Egun, Leioako Udala jardunaldiaren behin betiko diseinuan lanean ari da, eta programaren xehetasun guztiak ekaineko azken astean emango dira ezagutzera.
Sortu eta bost mende geroago, Leioak etorkizunari begira jarraitzen du, bere jatorria eta sustraiak ahaztu gabe. Eta istorio gutxik islatzen dute hobeto iraganaren eta orainaren arteko lotura hori, Leioa eta Athletic Club lotzen dituena baino: leioaztarren belaunaldi desberdinen oroimen kolektiboan bizirik jarraitzen duen historia partekatua.

