Instalazioak irailaren 13ra arte egongo dira zabalik.

Uda iristearekin batera, Leioak berriro ere aisialdirako gune jendetsuenetako bat izango du erabilgarri. Torresoloko kanpoko igerilekuek datorren ekainaren 13an, larunbata, irekiko dituzte ateak, eta irailaren 13ra arte egongo dira martxan. Ordutegia etenik gabea izango da, astelehenetik igandera, 10:00etatik 21:00etara.
Denboraldi berria zerbitzu erosoagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa eskaintzera bideratutako hainbat hobekuntzarekin hasiko da. Berrikuntza nagusien artean dago Bizum bidez ordaintzeko aukera Leioa Kirolak aplikazio ofizialaren bitartez. Neurri horri esker, sarreren erosketa azkarrago egin ahal izango da eta instalaziora sartzeko itxaronaldiak murriztuko dira.
Torresoloko igerilekuak udaro ehunka familia eta erabiltzaile biltzen dituen topagunea dira, aire zabalean aisialdia, kirola eta atsedenaldia uztartzeko aukera eskaintzen baitute. Instalazioek adin-tarte desberdinetara egokitutako hiru bainu-ontzi dituzte, egoteko gune zabala eta saskibaloian zein areto-futbolean aritzeko erabilera anitzeko kantxa bat.
Gainera, Leioako Udalak instalazio horien etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuari eusten dio. Denboraldi honi begira, 46.545 euroko inbertsioa egin da haur-igerilekuko hondoaren berrikuntzarako, hain zuzen ere “Pirata Ontzia” izenez ezagutzen den gunekoarena, txikienek gehien erabiltzen duten espazioetako bat. Era berean, datorren urtean igerilekuen estaldura iragazgaitza osorik berritzeko beharrezko izapideak martxan daude dagoeneko.
SEGURTASUNA ETA EDUKIERAREN KONTROLA
Instalazioaren gehieneko edukiera 1.200 pertsonakoa izango da. Hala ere, pilaketak saihesteko eta erabiltzaile guztiek esperientzia egokia izan dezaten bermatzeko, eguneko sarreren salmenta eten egingo da barruan 700 pertsona daudenean. Une horretatik aurrera, abonua duten pertsonek soilik izango dute instalaziora sartzeko aukera.
Segurtasuna lehentasuna izango da berriro ere uda osoan zehar. Egunero hiru soroslek emango dute zerbitzua, eta kopuru hori handitu egingo da jende gehien biltzen den egunetan edo eguraldi-baldintzek hala eskatzen dutenean. Horrez gain, bi zelai-guneko arduradun egongo dira, eta segurtasun pribatuko zerbitzua mantenduko da erabiltzaile gehien biltzen diren aldietan.
ABONUAK ETA SARRERAK
Kanpoko igerilekuetarako sarbidea Leioa Kirolakeko urteko abonuan sartuta dago. Horrez gain, nahi dutenek udako abonamendu espezifikoa eskuratu ahal izango dute, denboraldi osoan zehar mugarik gabeko sarbidearekin.
Tarifak bere horretan mantenduko dira: 23 euro 26 urtetik beherakoentzat, 45 euro 26 urtetik gorakoentzat eta 80 euro
familia-abonuaren kasuan. Eguneko sarrerei dagokienez, prezioa 4,50 eurokoa izango da 26 urtetik beherakoentzat eta 6,50 eurokoa 26 urtetik gorakoentzat. Lau urtetik beherako haurrek doan izango dute sarrera.
INSTALAZIOEN ERABILERA ARDURATSUA
Udalak gogorarazten du erabilera- eta bizikidetza-arauak errespetatzea ezinbestekoa dela erabiltzaile guztien gozamena bermatzeko. Besteak beste, honako debeku hauek indarrean egongo dira:
• Debekatuta dago kirol-instalazio guztietan erretzea.
• Debekatuta dago horretarako baimenduta ez dauden guneetan jatea (ezin da jan solariumean).
• Debekatuta dago aldageletatik kanpo arropa aldatzea.
• Debekatuta dago animaliak sartzea, gida-txakurrak izan ezik.
• 14 urtetik beherako adingabeek ezin izango dute instalazioetara sartu pertsona heldu batekin ez badatoz. Adin nagusiko pertsona bakoitzak gehienez 5 adingaberen ardura hartu ahal izango du, bizikidetza-unitate berekoak direnean izan ezik.
• 12 urtetik beherakoek eta 8 urtetik beherakoek ezin izango dute, hurrenez hurren, igerileku handian eta txikian bainatu pertsona heldu batekin ez badaude.
• Bainurako egokiak diren jantziekin soilik bainatu ahal izango da.
• Ezingo dira baloiak, koltxonetak edo bestelako objektuak sartu (salbuespen gisa eta aurretiazko baimenarekin izan ezik, zenbait kasutan).

