castellano  euskara   

15/09/2026 12:01

Kirol egokitua, inklusiboa eta banakako kirol-jarduna sustatzeko bi diru-laguntza deialdi abian jarri ditu Leioan

Aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako jarduerak garatzen dituzten kirol-elkarteek irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Bestalde, banakako lehiaketetan parte hartu duten kirolariek urriaren 1etik 31ra bitartean eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

/

Leioako Udalak 2026ko ekitaldian kirol egokitua eta inklusiboa sustatzeko ohiko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Erakunde interesdunek irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.

Deialdi hau 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako ohiko kirol-jarduerak garatu dituzten udalerriko kirol-elkarteei dago zuzenduta. Diru-laguntza lerro honetatik berariaz kanpo geratzen dira eskolaz kanpoko jarduerak eta hezkuntza-zentroek antolatutakoak.
Onuradun izan ahal izango dira egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra Leioan duten eta Leioako Udaleko Elkarteen Erregistroan zein Eusko Jaurlaritzako Elkarteen eta Erakundeen Erregistroan inskribatuta dauden erakundeak, baldin eta aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako eta udalerriarentzat interesgarriak diren kirol-jarduerak garatzen badituzte.

Udalak gehienez 6.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, eta diru-laguntzak norgehiagoka bidezko prozeduraren bidez emango dira. Jarduera edo proiektuaren originaltasuna eta justifikazioa, deialdiaren helburuekiko egokitasuna eta garatutako jardueraren kostuak bezalako alderdiak baloratuko dira. Halaber, kontuan hartuko dira klubaren barruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten ekimenak, beste finantzaketa-bide batzuk eskuratzeko zailtasuna, egindako antolaketa-ahalegina eta jarduera garatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera.

Eskabideak bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, Leioako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, nortasun juridikoa duten erakundeak direlako. Eskatutako dokumentazioaren artean daude eskabide normalizatua, jardueraren memoria zehatza, diru-sarreren eta gastuen balantzea, dagozkion egiaztagiriak eta diru-laguntza emateko irizpideei buruzko dokumentazioa.

BANAKAKO LEHIAKETETAN ARITZEN DIREN KIROLARIENTZAKO LAGUNTZAK

Bestalde, Leioako Udalak urriaren 1ean zabalduko du banaka lehiatzen diren kirolariei zuzendutako ohiko diru-laguntzak eskatzeko epea. Epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik.

Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte 1985 eta 2010 urteen artean jaiotako kirolari ez-profesionalek, dagokion federazio-lizentzia badute eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, horien artean Leioan erroldatuta egotearena. Era berean, onuradun izan ahal izango dira 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean banakako lehiaketa batean parte hartu duten pertsonak.

Deialdiak 6.000 euroko gehieneko zenbateko globala du, eta kirolari bakoitzak, gehienez, 2.500 euro jaso ahal izango ditu. Laguntzak norgehiagoka-araubidean emango dira, eta, besteak beste, lehiaketa mota eta lortutako kirol-emaitzak baloratuko dira.

Pertsona interesdunek eskabidea Udalaren egoitza elektronikoaren bidez zein aurrez aurre Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan aurkeztu ahal izango dute (Udaletxeko HAZ, Elexalde auzoa 1; eta Gaztelubideko HAZ bulego deszentralizatua, Langileria 202). Dokumentazioak, besteak beste, eskabide normalizatua, lortutako kirol-emaitzak egiaztatzen dituen dagokion federazioaren ziurtagiria eta diruz lagun daitekeen aldian garatutako jarduerari eta lortutako emaitzei buruzko memoria zehatza jaso beharko ditu.

Bi deialdi hauen bidez, Leioako Udalak tokiko kirol-sareari eta kirol-jardunari ematen dion babesa indartzen du. Pertsona eta erakunde interesdunek informazio guztia kontsultatu eta dagozkion izapideak egin ahal izango dituzte Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.



Itzuli



Emaitzak kargatzen, itxaron pixka bat mesedez...

Emaitzak kargatzen, itxaron pixka bat mesedez...



SAKONETA KIROLDEGIA

  • Helbidea: Sabino Arana etorbidea, 77
  • Telefonoa: 944 008 059
  • Posta elektronikoa: uki.idmleioa@leioa.eus

TORRESOLO KIROLGUNEA

  • Helbidea: Eusko Gudariak, s/n
  • Telefonoa: 946 004 475