Protokoloak tresna gisa diseinatu dira, kirolaren esparruan haurren eskubideak urratzen dituen edozein egoera “prebenitu, detektatu eta horren aurrean jarduteko”. “Komunikazio-prozeduraren fluxu-diagrama” eta “Protokolo-eredua” prestatu dira, klubek beren beharretara egokitu eta erabiltzeko. Programaren helburua da kirolaren esparruan edozein indarkeria-egoera edo -modu prebenitzea eta haurrak babestea.
Leioako Udalak, “Babestu” udal programaren barruan, haurrak kirolaren esparruan edozein indarkeria-egoera edo -moduren aurrean babesteko prebentzio- eta jarduera-protokoloak diseinatu eta udalerriko kluben eskura jarri ditu.
Protokolo horiek jasotzen dute zer jarduera jarri beharko diren abian indarkeria-egoera bat agerian geratzen edo ahoz adierazten denean, bai eta egoera horien aurrean jarduteko bideak ere. Tresnek barne hartzen dituzte bai kode etiko edo jokabide-kodea ez betetzeko egoerak, bai delitu izan daitezkeen ekintzak.
Protokolo horiek ezagutarazteko antolatutako saioaren barruan, Leioako hainbat kirol klubetako ordezkariek prestakuntza praktikoan parte hartu dute Iñaki Alonsoren eskutik. Europako Kontseiluko aditua da haurren aurkako indarkeriaren prebentzioan, eta programaren garapenean Udalarekin elkarlanean ari den Kunina Sport and Education enpresako zuzendaria.
KOMUNIKAZIO-FLUXUA ETA JARDUERA-PROTOKOLOAK
Kluben eskura jarri da kirol-erakundeetan haurren babesaren aurka doazen gertakarien aurrean erabiltzeko “Komunikazio-prozeduraren fluxu-diagrama”, egoera horien aurrean jarraitu beharreko urratsak zehazten dituena.
Horrez gain, “Jarduera-protokoloaren eredu” bat ere prestatu da, kirol-erakunde bakoitzak haurren babesarekiko konpromisoa hartu eta erantzuteko protokolo propioa izan dezan.
Protokolo horren bidez, kirol-erakundeek, besteak beste, beren kirol- eta aisialdi-jarduerak programatu eta diseinatzeko konpromisoa hartzen dute, “adingabeen eskubide eta askatasunen errespetuan, sexu- eta genero-aniztasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta edozein indarkeria mota debekatzea barne”, eta, era berean, “delitu izan daitezkeen indarkeria-kasuak agintari eskudunei jakinarazteko”.
Halaber, erakundeek konpromisoa hartzen dute laguntza-eskaerei “azkartasunez eta eraginkortasunez” erantzuteko eta “biktimak edo indarkeriazko edozein jokabideren berri eman duten hirugarren pertsonak babesteko neurriak hartzeko”.
Gainera, erreferentziazko pertsona bat izendatu beharko dute, eta pertsona horri jakinarazi beharko zaizkio egoera horiek, dagozkion neurriak abian jar ditzan.
Protokoloak erakundeei lagunduko die, halaber, prebentzio- eta arrisku-analisirako jarduerak zehazten, baita esku hartzeko eta jarraipena egiteko jarduerak ere.
Prebentzio-jardueren artean, “haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideen” inguruko prestakuntza espezializatua, “hasierakoa eta etengabea”, jasotzea aurreikusten da, adingabeekin ohiko harremana duten profesionalentzat. Era berean, kaltea edo indarkeria jasateko arriskuak edo “egoera potentzialki arriskutsuak” aztertuko dira.
Esku hartzeko jarduerei dagokienez, babes-ordezkari bat izendatzea aurreikusten da, bai eta laguntza-eskaera idatziz edo ahoz aurkezten denean eman beharreko erantzunaren epeak eta urratsak zehaztea ere.
Gainera, klubek kasuaren jarraipena egiteko konpromisoa hartzen dute, “inplikatutako pertsonen babesa” bermatuz eta datuen konfidentzialtasuna zainduz.
Klubei helarazitako dokumentazioak beharrezko dokumentazio guztia prestatzeko txantiloiak ere jasotzen ditu, hala nola zereginen eta ekintzen kronograma, laguntza-eskaera egiteko inprimaki-eredua eta babes-ordezkariaren izendapen formala egiteko eredua.