• Lehenengo desafioa urtarrilaren 26an hasiko da "Leioako Pausoen erronkarekin" eta 8 asteko iraupena izango du.
• Parte-hartzaileek 50.000 urrats egin beharko dituzte astero edo 500.000 urrats erronka amaitzean.
• Ekimen honen helburua herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea da, jarduera fisiko erregularra sustatuz.
• Plaza mugatuak daude. Parte hartzeko APP bat deskargatu behar da, ematen diren urratsak kontatuko dituena.

Leioako Udalak herritarren artean kirola sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Bizilagunek gero eta ohitura osasungarriagoak izateko eta bizi-kalitatea hobetzeko, 2026an kirol-erronka batzuk jarriko dira abian. Lehenengoa "Leioako Pausoen Erronka" izango da, herritarrak ariketa fisikoan oinarritutako jarduera osasuntsu eta dibertigarri batean parte hartzera animatzeko proiektua, bizimodu osasungarria bultzatuko duena.
Hauxe da adin guztietarako kirol erronka, erraz eta egokia, Udalak udalerriko bizilagunei proposatuko diena. Urtarrilaren 26tik martxoaren 22ra egingo da, eta Leioako 500. urteurrenari keinu eginez, 8 astetan 500.000 pauso egitea proposatzen da. Baina, kopuru horretara iristen ez direnentzat, badago bigarren proposamen bat ere: astero 50.000 urrats egitea.
Erronka honetan parte hartu nahi dutenek "Active City" aplikazioa** deskargatu besterik ez dute egin behar, Android eta Apple gailuetarako eskuragarri dagoena. Izena eman eta kontua baieztatu e-postan. Plaza kopurua mugatua da.
App honen bidez, urratsen eguneroko jarraipena egingo da. Erronka onartzen dutenek mugikorra edo mugikorrera konektatuko den smartwatch bat haiekin eraman beharko dute. Ez da beharrrezkoa izango aplikazioa irekitzea.
Astero edo osorik egindako urratsen helburua lortu ondoren, parte-hartzaileek opari bat jasoko dute: Nordic Walking egiteko makila bat, Leioako jarduera fisikoaren doako orientazio-zerbitzuaren bulegoan jasoko dena.
JARDUERA FISIKOA BIDERATZEKO BULEGOA
Kirola bizitza da, eta normalean ariketa fisikoa egiteak lagundu egiten die pertsonei sasoian egoten eta urteak igaro ahala, eguneroko jarduerak ahaleginik gabe egiten. Zahartze aktiboaren alde egiten duen proiektuetako bat Leioako Udalak sustatutako "LeioAktiba" doako jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzua da.
Helburua sedentarismoari aurre egitea eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzea da, indarrari, orekari eta erresistentziari buruzko tailer ibiltariak eskainiz herritar guztiei, batez ere aktibo ez daudenei, haien ongizatea hobetzeko.
Datuei dagokienez, 2025ean Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak 152 erabiltzaileri eman die zerbitzua. Horietatik 110 emakumeak dira eta 42 gizonak. Parte-hartzaileen batez besteko adina 62 urtekoa izan da.
Zerbitzurako bideratzeetatik 91 Osakidetzaren bidez etorri dira, 49 bere erabakiz, 8 Osasun Mentalaren bidez eta 4 Gizarte Zerbitzuen bidez.
Zerbitzuaren erabileraren hasieran, % 53,02 pertsona aktibo samarrak ziren, % 42,96 sedentarioak eta % 4,02 aktiboak.
ARIKETA FISIKOA PAZIENTE ONKOLOGIKOETAN
Ekimen horri 2025eko azken hiruhilekoan hasitako proiektu bat gehitu behar zaio. Proiektu horretan, Leioako Udalak EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko talde batekin lan egiten du, paziente onkologikoen gaitasun indibidualetara egokitutako ariketak egitearen onurak aztertzeko.
Orain arte, 32 parte-hartzailek hainbat lesio dituzte (bularreko minbizia, biriketakoa, obulutegikoa, maskuria, prostata...). Pertsona horietatik, 17 tratamendu onkologikoan daude (hormonala, kimioterapia, immunoterapia...); beste 15ek jada ez dute tratamendu onkologiko aktiborik.
Programa honek, batez beste, 3 hilabeteko iraupena du, astean bitan ematen diren ordubeteko jarduerekin. Saio bakoitzean, aurretiko kontrol mediko bat, beroketa, indar-entrenamendua eta hozte-entrenamendua egiten dira, luzapen eta arnasketa gidatuen bidez. Ariketa guztiak paziente bakoitzari egokitzen zaizkio.
Gaur egungo taldeek urriaren 28an hasi zituzten ariketa saioak eta urtarrilaren amaieran amaituko dute egitaraua. Dagoeneko antolatzen ari dira programa honetan laster parte hartuko duten paziente-talde berriak.

